jueves, 28 de abril de 2011

>>ALMIKEREN IDENTITATEAREN BILA

Almikeren inguruan lanean aritu ostean, auzoaren potentzialitate fisiko eta sozialak aztertuta eta arlo positibo zein negatiboei garrantzia eman ostean, auzoari gaur egun ez daukan eta aspaldiko urteetan izan ez duen identitatea ematen saiatu gara. Gainontzeko auzoekin gertatzen ez den bezala, Almikek Bermeorekiko duen hurbiltasunak, eta urteak joan ahala honekiko hartu duen dependentzia ia totalak, auzoa Bermeoren barneko "lo-gune" huts  bat izatera eraman du. Honela, auzoaren potentzialitate ekonomiko  eta sozial guztia tabernaren ingurura mugatu da, lehen hamarnaka lagun bizi ziren auzo honetan 9 pertsona baino gelditzen ez direlarik, gehienak Bermeotar "kolonoak". Beraz, auzo honetan egin beharreko lana ez da berraktibatze ekonomiko soil bat izango, auzoari izaera bat emango dion eta etorkizunean bere identitatea izango den elementu, produkzio mota, edo izaera bat bilatu beharko da. Gainera, gaur egun dagoen jende faltari aurre egiteko, identitate berri honek, familiak,  lanik ez daukaten gazteak, bizitza ezberdin bat bilatzen duten pertsonak, gizarte eredu hau aldatu nahi duen jendea,...  bertara hurbiltzeko  indarra eta boterea izan beharko du, honela, Almike berpiztu, birsortu eta kanpora begira existititzen dela erakusteko.
Honela, egin beharreko lanaren garrantzia kontuan hartuz eta  guneak eskeintzen dituen aukerak begiratuz, aukera hauek aprobetxatzeaz gain biderkatzea beharrezkoa dela ikusi dugu, helmuga handietara heltzeko ahalik eta bide onena bilatu behar baita.

Bide hau eraikitzeko, guneak eta bertako soziologiak eskeintzen dituen aukeretan oinarrituz, Bermeorekiko dependentzia izan beharrean, honekin elkarlanean arituko den auzoa diseinatzen ahalegindu gara, honetarako gaur egun dagoena errespetetatuz, baina auzoari morfologia fisiko eta soziologiko berri bat emanez. Honela, lehenago eginiko azterlanetik ateratako ondorioetatik, programa eraginkor eta erakargarria eraikitzen saiatu gara. Programaren helburua, auzo guztiak baserri bakar bat bezala funtzionatzea izango da. Baserriek, uztiapen mota ezberdin ugari lantzen dituzte eraikin baten barnean eta honen inguruan. Kasu honetan, auzo guztian zehar hedatuko dira uztiapen motak, landa-lurrak, eraikin existenteak,... aprobetxatuz eta etorkizunera begira eraikin gehiago eraikiz.

Programari dagokionez, landa-lurren aprobetxamendu maximoan oinarritutako estrategia proposatu dugu, gaur egun baserritarrik ez dagoenez, lurrak bertan behera utzita baitaude. Honela,  baserritar isolatuen uztiapen txikietan oinarritutako sistema proposatu beharrean, biztanle guztientzako komuna izango den produkzio handiagoa sortzea pentsatu dugu, gaur egun ez baita auzoan baserritarrik gelditzen. Produkzio hauek handiagoak diren arren, ez dugu, makro-kultiborik sortu nahi, ALMIKE  KALITATE IKURRAri bizia emateko besteko produkzioa sortu nahi dugu, ez inguruko baserritarrekin lehiatuko duen ezer! Gainera, ikur honen bidez, eta hau URDAIBAI KALITATE IKURRAREN barnean integratuz, inguruko kultibo txikiei ere irtenbide eraginkor bat bilatuko diegu, inguruko katalizadore lana eginez.

Honela, proiektuaren formalizazioa martxan jartzeko (aipatutako guztia zimendu gisa hartuz), lau puntu garrantzitsu bereiztuko ditugu:

1-Lurren eta eraikinen aprobetxamendu maximoa.

2-Plazaren garrantzia                                                 

3-Energia gastu minimoa eraikuntzan

4-Itxura erakargarria.

Puntu hauek errespetatuz, ondorengo programa diseinatu dugu:


 
1-Lurren aprobetxamendua

Planoan ikus daiteken moduan, hegoaldera ematen duen magala, mahats produkziorako erabiltzea pentsatu dugu. Honela, gaur egun nekazaritzarako erabili ezin daiteken lur eremu handia berreskuratuko dugu. Berreskuraketa honetarako, proiektuko eraikinen itxura guztiz finkatuko duen sistema erabiltzea pentsatu dugu, honela nekazal lurrak beraiek arkitektura izango direlarik. Beraz lurrak aprobetxatzeaz gain, era oso simple bezain interesgarri batean, natura tektonizatuko dugu, plataforma lauak sortuz. Txinako arroz landapenetan oinarritutako sistema honen bidez, malda dela eta gaur egun erabili ezin diren lurrak erabiltzea lortuko dugu, eta eraikitzeko orduan jarraibide eta baldintza bat izatea lortuko dugu, honela interbentzio guztia integratuz.




 
Era honetara, lurren aprobetxamendu maximoaz gain, interbentzioaren ikusgarritasuna dela eta jendea erakartzeko erreklamo garrantzitsu bat izatea lortzen da, honela, jendea guk defendatzen dugun gizarte eredura hurbilduz.


Mahats uztiapenaz gain, iparraldera ematen duen magala, nekazaritzarako egokia ez denez, abeltzantzarako aprobetxatzea pentsatu dugu. inguru hau nahiko laua denez, abere-pabilioi nahiko handiak egiteko aukera izango dugu, zeinek sistema aurrefabrikatuak erabiliz eraikiko diren.

3-Energia gastu minimoa eraikuntzan

Aipatu bezala, abere-pabilioietarako egitura sistema aurrefabrikatu bat egitea pentsatu da. Honela, aukeratutako sistemak, pabilioiek izan beharreko argi eta tamainak errespetatuko ditu. proiektu guztia 5 eta 3 metroko pieza metalikoak erabiliz eraikitzea da helburua. Pieza hauek, txakolina egiteko kupel handien diametroari, abereen pentsu eta harto siloei eta traktore batek maniobratu eta mugitzeko behar duen bide zabalerari erantzuten die, honela, produkzioak eraikuntza sistema guztia baldintzatuko duelarik. Eraikuntza sistemari dagokionez, 5 eta 3 metroko piezak erabiliz, Muruetako edo Bermeoko ontzioletan, portikoak eraiki eta kamioien bidez Almikera ekartzea izango litzateke estrategia. Portiko aurreekoitzi hauek, 15 metrorarte kamioian ekarri daitezke almikera, eta grua baten bidez behar den tokian kokatu. Honela, egitura kuadrikulatua eraiki ostean fatxada panelak koklokatzea izango litzateke kontua. hemen sistema honekin eraikitako proiektu baten maketa:








Sistema honek, hegoaldera ematen duen magal maldatsuan era erraz eta azkarrean eraiki ahal izatea ahalbidetzen du gainera, lurzorua errespetatuz eta hustulan eta betelanik egin gabe.

2-Plazaren garrantzia

Baldintza ekonomiko eta ekologiko guzti hauek errespetatuz, eta Almikeko baldintza sozialei bultzada bat emateko asmoarekin, auzo honetan plazak daukan garrantzia azpimarratzea oso garrantzitsutzat hartu dugu. Plazari garrantzi  hau emateko bidean, hegoalde eta iparraldera fatxada bat ematea oso interesgarria dela ikusi dugu, honela, plaza itxi bat sortuz, auzoari nukleo zentral garrantzitsu bat emanez. Interbentzio honekin, plazak, etxe batean pasillo banatzaileak hartzen duen funtzioa egiten du, jende guztia hemendik pasatzera bultzatuz. Gainera, gaur egun plaza zatitzen duen bidea iparraldeko magalaren azpikaldetik desbideratuz, plaza guztiz peatonal zabala lortu dugu. Plaza hau, bertan eta inguruko auzo eta baserrietan ekoitzitako produktuak saldu eta erakusteko azoka egiteko ere erabiliko da, tabernarekin batera Almikeren erakuslehio izango delarik. Gainera, era honetara baserritar eta gazteen arteko harremana, trukea, hezkuntza,... bultzatuko dira.


Behin-behineko oin honetan argi ikusten da, plazari eman nahi zaion garrantzia. Hegoaldeko fatxadan, generazioen arteko zubia izango den zentru kultural, hezkuntza zentru eta aterpetxe-udalekua egongo da. Eraikin hau abere pabilioiak eraikiko diren sistema beraz eraikiko da, plazatik landara existitzen den kota aldaketara ongi moldatuz. Aterpetxeko "etxetxo" edo logela guztiek, mahastietara eta plazara, bietera" izango dute irteera, honela bisitariari auzoaren parte dela sentiaraziz. Aterpetxe eta udalekuaren helburua familiak, gazteak, umeak,... baserri mundura hurbiltzea eta mundu honetan hezitzea izango da, sistema ekonomiko eta sozial ezberdinak existitzen direla erakutsiz. Gainera, aterpetxe zein kultur zentruaren kudeaketa, Almikeko kooperatibako kideek beraiek eramango dute, lan ezberdinetan turnoak eginez. Honela, gaur eguneko gizarte kapitalistan lanak dakarren monotoniatik ihes egitea lortuko dugu, pertsonak beraien lanaren fruituak arlo ezberdinetan ikusiko dituztelarik.

Gainera, oinean ikus daitekeen moduan, mendebaldean dauden hiru baserrien arteko lotura bultzatzea izango da proiektuaren beste alderdi garrantzitsu bat. Gaur egun baserriak lantegi kutsua guztiz galdu duenez, hutsik dauden hiru baserri hauek birmoldatu eta etxebizitza bloke bat bezala funtzionatu dezatela egokiagoa litzatekeela pentsatu dugu. Honela auzoko biztanleak, hiru baserri hauetan biziko dira, gune komunitario eta komunak izango dituztelarik, APROPIAZIO ESPARRU ezberdinekin batera. 

Honez gain, AUZOAK BASERRI ERRALDOI BAT BEZALA funtzionatuko duenez, beharrezkoa ikusten dugu lanerako elementu eta produkzio gune ezberdinak bisitariari argi eta garbi erakustea. Honen erakusle, plaza eta mahastiak gurutzatzen dituen zinta trasportadorea, zeinen helburua, mahatsa ardandegira eramateaz gain, bisitariari auzoaren funtzionamenduaren berri ematea izango den.

Bukatzeko ideia guzti hauek biltzen dituen proiektuaren irudi batzuk:


Baserriaren etartea bailitzan, Ibonek aipatutako FAR-en Wallhouse-eko tarteko espazio eta gertutasunean oinarrituz, zentru kultural eta hezkuntza zentrua kokatuko da, baserriaren jarraipen gisa bolumen abstraktu bat sortuz. Honela, eraikin bat beste baten barruan sartuz, gune estali irekiak, baratza txikiak, aisialdirako guneak,... denak batera uztartzen dira.

Irudi honetan plazaren hegoaldeko fatxadari ematen zaion tratamendua ikusi daiteke, aterpetxeko modulo ezberdinek daukatenplazarako irteera, zentru kulturala den pabilioia, barne espazioak, existitzen diren arbola guztiekiko errespetua,...

Irudi honetan, plazatik eraikinak izango duen itxuraren zirriborroa eta mahastietarako sortuko diren plataformekin izango duen integrazioa ikus daiteke. Arkitektura ez da eraikina bakarrik izango, arkitektura lurrean hasi eta eraikinean bukatuko da...

domingo, 17 de abril de 2011

Almikeko Aktuazio Estrategia

Almikeren inguruan lanean hasi ginenean, azterlana eta eskala ezberdinetan banatzea ezinbestekoa zela ikusi genuen. Lehenik eta behin, bertako errealitate fisiko zein soziala ezagutu eta lantzea erabaki genuen, hemendik gure proiektua bideratzeko ondorio garrantzitsuak atera ahal izateko asmoarekin. Honez gain, Almike ezagutzera emateko, bai Urdaibaien eta baita mu nduan ere, eskala handiagoko azterlana egitea erabaki genuen. Azterlan honetan, Almikek Urdaibaien daukan posizioa, garrantzia,... landu genuen, honela, Lehenago proposatutako Urdaibairen plan ekonomiko alternatiboan integratu ahal izateko.
Honela, azterketa hauek hasi aurretik, ezagutzen genituen ereduak begiratu eta lantzea interesgarria zela  ikusirik, baserri auzo ezberdinetan urteetan zehar eman diren egoera eta eboluzioak aztertu genituen. Honek, ineterbentzio minimo batek auzoan izan dezaken eragina argi erakutsi zigun, eta gure proiektura begira pista ugari eman zizkigun.

Eredu ezberdinen lanketa:

-GARAI kapitalismoaren menpeko herria...
Eredu honetan argi ikusten da, dirugosez beteriko agintarien gestioak auzo bati egin diezaioken kalte fisiko zein soziologikoa. Bertako erlazio sarearen ahultzea, inguru fisikoaren perturbazioa... egin behar ez denaren eredu garbia.

-GAZTELU bizirauten duen baserri auzoa PRODUKZIOAK DAUKA INDARRA!

Agintariek bertan behera utzitako gunea, urteetan zehar bizirauten jakin duena, baserri isolatuen arteko sare sozio-ekonomikoaren eredu. Elkarlana, auzolana, produkzio txikiak eta biziraupena. Gaur egungo sistemari bere erara aurre egiten jakin dion auzoa...

MEAKAUR generazioen arteko zubi...

Urteetan zehar bertan behera utzita egon den auzo honetan, gelditzen diren baserritar apurrei bizia eman dien interbentzio puntualen eredu paregabea. Baserri hutsak gazteei alokatu, umeentzako aterpetxe-udaleku bat sortu. Generazioen arteko zubia, auzoaren motorea, indarra...

LAKABE autogestioa-autosufizientzia

Duela hamarkada batzuk, Nafarroan bertan behera utzita zegoen herrixka bat okupatu zuten. Herrizka hori urteetan zehar %100-ean autogestionatu da, produkzio ezberdinen bidez. Pertsona bakoitzak ahal duen heinean, arlo ezberdinetan lan eginez, eko-aldea izeneko mugimenduaren barruan, sistematik at bizitzea posible dela erakutsi du herrixka honek, kooperatiba alternatibo bat bailitzan aurrera egiten jakin baitu. Erorita edo erortzear zeuden eraikinak eraberritu eta berreraikitzea izan zen lehenengo pausoa, zein ote da guk eman beharreko lehenengo pausoa?
VAUBAN okupazioatik-garapenera
Lehengo OTAN-en instalazio militar batzuen okupazioa eman zen, ondoren, kooperatiba autogestionatu baten sorrera eta azkenik kriterio ekologikoak jarraituz eraikitako auzo baten sorrera. Gure egoerarekin zerikusi handirik ez daukan arren, sistema sozio-ekonomiko aplikagarria izan daitekeela uste dugu, guk planteatutako sistemak funtzina dezakeela erakusten baitu. Kasu honetan Friburgon kokatua dago auzoa.

EREDU EZBERDINETATIK ALMIKERA BUELTAN...
Almikeren azterketa fisikoarekin hasteko azpimarragarria da Bermeorekiko duen gertutasuna. Gertutasun honek nahi eta nahi ez influentzia izugarria izango du eta izan du Almikeren garapenean. Bermeorekiko lotura zuzena duen auzoa izaki, honi eman beharreko tratamendua gainontzeko auzoenarekiko ezberdina izango da. Bermeorekin elkarbizitza bilatu beharko da, honek jan ez dezan.
Auzoaren hurbileko eskalako azterlanak informazio oso baliagarria eman digu. Planoan argi ikusten dira auzoak dituen baliabide positibo zein negatiboak, zer erabili eta zer konpondu beharko dugun. Honela, plazak hartzen duen garrantziak, auzoaren egituraketa ia emanda egotea dakar, honela, erreferentzia ezeberdinak bilatzeko beharrik gabe. gainera, eraikin guztien posizioak argi erakusten digu plazarekiko hartzen duten jarrera.
 Bestalde, gunearen orografia malkartsuak, malda handiek, gune lauen gabeziak,... produkzioari  eta eraikuntza sistemei begira informazio oso baliagarria ematen digu, proiektua bideratzeko lagunduz.
Azterketa fisikotik sozialera...
Non ematen da bizitza astean eta asteburuetan? 
Gaur egun almiken dauden eraikinetatik bost baino ez dira baserriak, eta gainera hauetako bi berriztuta  eta guztiz eraldatuta daude. Gelditzen diren baserri hauek ez dute nekazal bizimodurik mantentzen, nahiz eta beraien baratzatxoak eta produkzio txikiak badituzten.Honela, argi ikusten da baserri auzo honek, baserri-auzo itxira baino ezer gutxi gehiago mantentzen duela, garai bateko aktibitate eta bizimoldea galtzen ari delarik.
 
Bermeo eta Almikeren arteko lotura beti existitu izan den arren, Bermeoko dirudunen kolonizazioak eta produkzio faltak, Almikeren auzo izaera galtzea ekarri du, ia %100-ean Bermeori lotutako auzoa bihurtuz. Honela, auzo autonomo izatetik Bermeoren lo-auzo izatera pasa da Almike.

Taberna da auzoak hartzen dituen biztanleen arteko lotune bakarra. Nahiz eta auzoan 9 pertsona bizi, beraien arteko harremana ia inexistentea da, batzuk betidanik bizi izan baitira bertan eta beste batzuk Bermeoko kolonoak baitira. Honela, tabernak gaur egun eta etorkizunean rol garrantzitsua beteko du auzoan, bertakoen arteko zubi lana eginez zein Almike mundura zabalduz.
Produkzio faltak, dirudunen kolonizazioak, Bermeorekiko menpekotasunak,... Auzoaren identitate galera ekarri du. Identitate  falta horrek, auzoa  eraikin ezberdinez osatutako "collage" bat izatera eraman du.

Irtenbideen bila...
Irtenbidea produkzioaren atzetik etorriko dela ikusten dugu. Baserriek elementu isolatuak bezala beharrean, kooperatiba bezala lan egingo balute, produkzio ezberdinak denen artean batuz, bertako jendearen elkarlana eta auzolana sustatuz, auzoaren etorkizuna aldatzea lortuko litzateke. Honela, aztertutako eredu desberdinetan oinarrituz eta hauetatik interesatzen zaizkigun gauzak Almiken aplikatuz, produkzio ezberdinetan oinarrritutako kooperatiba sortzea da helburua, autogestio eta autosufizientzia oinarritzat hartuz. Gainera, auzoaren etorkizunaren gakoa gazteriaren hurbilketan iksuten dugunez, kooperatiba honek Bermeon eta inguruetan dauden gazte ezberdinei gaur eguneko sistematik haratago joango den aukera eskeiniko die, etxebizitza, lana eta bizimolde ezberdin bat eskeiniz. Gazte hauek izango dira kooperatiba martxan jarriko dutenak, bertako baserritar zaharren hezkuntza eta laguntza jasoz. Gainera, hezkuntzak duen garrantzia kontuan hartuz, umeen eta familientzako hezkuntza eta hurbilketa plan baten barruan, udaleku-aterpetxe baten sorrera proposatzen dugu, gaur egun existitzen den aterpetxearen berreraikitze eta berrantolaketa baten bidez.
Gainera, Almikeren hurbileko planteamenduaz gain, eskala handiagoko plan baten barruan sartzea erabaki dugu. Plan hau Urdaibai guztirako kurtsoan zehar planteatutako estrategia izango litzateke, zeinek produkzio puntu txikiak barnean hartu eta kudeaketa orokor bat sortuko lukeen. Honela, Almikeko produktuen esagutarazte eta zabalpen bat emateaz gain, auzoaren indartze ekonomiko eta soziala lortuko genuke.
Orain, programaren finkapena  egin ostean, bakarko lanari ekingo diogu, arkitekturaren sorrerari alegia. Bitartean hona hemen laburpen panela: