Kurtsoan zehar garatu ditugun proiektu guztietan jarraitutako dinamika dela eta, Almikeko proiektu hau ezin ulertu daiteke gainontzeko proiektuen existentziarik gabe. Laidako proiektuan paisaiaren edertasun eta hauskortasunari, itsaso eta lurraren arteko erlazioari eta batez ere gizakiak igurune honetan sortutako arazoei erantzun genien. Honetarako irisgarritasun proposamen berri eta eraginkor bat proposatu genuen, ingurugiroarekiko errespetua, aisia, eta arkitektura jasangarri bezain erakargarria sortzen saiatuz. Proiektu hau burutu ostean, jasangarritasunaren alor ezberdinak garatu genituen, akzio puntual batek izan ditzaken eragin positibo zein negatiboen inguruan hausnarketa sakona eginez. Honela, hausnarketa hauetatik ateratako ondorioetatik, Urdaibairen katalizadorea izango zen Muruetako proiektua garatu genuen. Honekin batera, Urdaibai guztirako balioko zuen plan baten diseinua garatzen hasi ginen. Plan honek gaur egungo Urdaibairen egoera sozio-ekonomiko ilunari buelta ematea zuen xede, honetarako gaur egungo sistema kapitalista errotik aldatzea proposatzen zelarik. Aldaketa hauek, ez ziren Urdaibai mailan aplikatuko soilik, mundu guztira zabaltzeko aukera izango luketeelarik. Utopia honi jarraituz (edo ez hain utopia), kurtsoan zehar garatutako proiektu guztiak errealitate ezberdin hau lortzeko helburura bideratu ditugu, mundu hobe baten bidean arkitektura hobe bat sortzea ezinbestekotzat hartzen baitugu.
Beraz, Urdaibaitik-Mundura izeneko estrategia sozio-ekonomikoaren funtsa, bertako pertsonen produkzio eta lana izango da. Produkzio puntu txikien arteko uztartzean, elkarlanean, antolakuntzan,... oinarritutako plan honek, inguruak eskeintzen dituen baliabide natural zein sozialak ahalik eta gehien aprobetxatzea du helburu, honetarako lekuan lekuko katalizadoreak sortuko direlarik. Katalizadore hauek izaera desberdina izan dezakete, gunearen beharrizanen arabera. Honela, lurretik bizi diren auzo baten katalizadorea makinaria, biltegi,... komunak izatea izan daiteke; itsasotik bizi den gune batena, arrantzaren indartzea... Honela, lekuan lekukoa indartuz eta aprobetxatuz, auzoak, herrixkak eta herriak antolatu eta batuz, fraktal bat bailitzan, puntu konkretuetako produkzio txikietatik, Urdaibai mailako kooperatiba komun batera iritsiko gara, honek, baserritar, arrantzale, artisau,... ezberdinen produktuak saltzea asko erraztuko duelarik, gastuak murriztuz eta irabaziak handituz.
Esan bezala, Almikeko proiektu hau estrategia honen barnean kokatu beharra dago ulergarria izan dadin. Estrategiari jarraituz, lehengo eman genuen pausoa Almikeren potentzialitate fisiko eta soziologikoak aztertzea izan zen, azterlan honetatik proiektua bideratuko zuen jarraipidea ateratzeko asmoarekin. Asmo honi jarraituz, behin azterlana eginda (lehenagoko sarreretan irakurgai) auzoak eskeintzen zizkigun aukera guztiak ahalik eta era egokienean aprobetxatzeko hautua egin genuen. Erabaki honek, gure auzoarekiko ikusmira eskala handiagora bideratzera eraman gintuen, Almikeren kasua gainontzeko baserri auzoekin konparatuz oso berezia baitzen. Auzoak Bermeorekiko duen distantzia txikiak, eta distantzia txiki honek bertako bizitza sozial zein ekonomikoan izan duen eragin izugarria ikusita, Almikerako diseinatzen hasi ginen plan estrategikoak, auzoari urteetan zehar galdu duen identitatea itzuli, edo beste identitate berri bat eman behar zion, honela auzoak nukleo autonomo bezala funtzionatu zezan, beti ere Urdaibaien barruan erreferente izanda, eta Bermeorekiko erlazioa mantenduz. Honela, argi ikusi genuen, auzoaren etorkizuna Bermeorekin elkarlanera bideratu behar genuela, honekiko menpekotasunera beharrean.
Hausnarketa hau egin ostean, Almike Urdaibai mailan erreferente bihurtzeko genituen aukerak aztertu genituen. Lehenengo landu genuen arloa auzoaren jende falta izan zen. 10 etxe handi baino gehiagoko auzo honetan 9 pertsona baino ez bizitzea ez genuenez normaltzat hartzen, auzora jende berria hurbiltzeko plana jarri genuen martxan. Gainera auzoaren existentzia urteetan mantendu ahal izateko jende gaztearen aldeko apustua egitea bidezkoa zela pentsatu genuen. Gazteria auzora hurbiltzek estrategia nahiko sinplea izan zen. Gaur egun Urdaibaien dagoen lan faltarekin, eta kostako herrietan etxebizitzek izaten dituzten prezioekin, lana eta etxebizitza eskeintzearekin nahikoa izango zen. Lana sortzeko, Almikeko erabilera gabeko landa lurren uztiapen kontrolatuan pentsatu genuen. Uztiapen honek berezia izan beharko zuen, auzoaren hego magalean izugarrizko maldak baitaude. Malda hauetan probetxuzko produkzio bat sortzeko, lehengo erabaki arkitektonikoa hartu genuen, maldak plataforma bilakatuko genituen, honela topografiari jarraituz, gune lauak sortuz. Gune lau hauen kokapena, eta inguruaren ezaugarri klimatikoak txakolinaren uztiapenerako ezinhobeak zirela ikusita, plataforma hauetan mahats produkzioa bultzatzea pentsatu genuen.
Honez gain, iparraldeko magala nekazaritzarako oso egokia ez zela ikusita, gune hau abeltzantzarako erabiltzea egokiagoa izango zela pentsatu genuen. Produkzioaren inguruko hausnarketa eginda, lanaren inguruko arazoa konpondutzat eman genuen. Momentu hartan, etxebizitzen inguruan lanean hasi ginen. Arlo honetan, bi etxebizitza mota bereiztu genituen:
-Lehenengo etxebizitzak, aldi baterako bizitokiak izango ziren. Hauen helburua, gazte, familia, bikote,... ezberdinak nekazaritzaren mundura hurbildu eta mundu honen inguruan hezitzea izango zuten helburu, hau da, MUNDU URBANOAREN ETA NEKAZAL MUNDUAREN ARTEKO ZUBI LANA egitea. Zubi lan hau auzoan aplikatzeko, PLAZA urbanitatearen sinbolo bezala eta LANDA LURRAK nekazal munduaren ezaugarritzat hartuta, bien arteko eraikin bat sortu behar genuela pentsatu genuen. Honela, behin-behineko etxebizitza guztiek, plazara fatxada bat eta mahats arloetara beste bat izatea erabaki genuen, kasu batzuetan plazatik eta mahats arloetatik sarrera izango zutelarik. Ideia honekin gainera, auzoari bizia eta identitatea emangozion plazari fatxada berri bat eman eta hau indartzea lortuko genuen.
-Bigarren etxebizitza mota, behin-betiko etxebizitzak izango dira. etxebizitza hauek egiteko auzoko eraikin ezberdinak berrantolatu eta berrerabiltzea pentsatu genuen, baserriak etxebizitza bloke bezala ulertuz, eta hauek bezala tratatuz. Honetarako komunikazio bertikal guztiak kanpora atera eta planta libreak sortzea pentsatu genuen, honela baserri bakoitzean hiru, lau edo bost etxebizitza ateratzeko aukera sortuz. Etxebizitza hauek, jendez beteko balira eta auzoan jende gahiago bizitzea behar izango balitz, behin-behineko etxeak behin betiko etxe bilakatzeko aukera izango genuke, edo behar izanez gero gehiago eraiki.
Honez gain, nekazal munduaren berreskurapenean egin beharreko ahaleginean hezkuntzak duen garrantzia ikusirik, umeen heziketarako udaleku bat sortzea ere pentsatu genuen, behin behineko etxebizitzen ondoan. Honela, mundu urbanoaren eta nekazal munduaren arteko zubia guztiz eraikiko litzateke, generazio ezberdinak batuz, betiko baserritarrak, baserritar berriak eta etorkizuneko baserritarrak batuz.
Gainera proiektuaren beste alde garrantzitsu bat abeltzantzarako pabilioien eta txakolindegiaren eraikuntza izan zen. Hauen eraikuntzarako, produkzioaren optimizazioan oinarritutako eraikuntza sisteman pentsatzen hasi ginen, etxebizitza eraikinerako ere balioko zigun metodoa bilatzeko nahiarekin. Honela, abereen pentsu eta zerealentzako erabiltzen diren altzairuzko silo handietan oinarrituz, eta traktore batek maniobratzeko behar duen lekua kontuan hartuz, eraikuntzarako 5 metroko argia izango zuten altzairuzko portiko prefabrikatuak erabiltzea pentsatu genuen, Muruetako ontziolan eraiki zitezkeenak, eta kamioi bidez obrara ekarri.
Irudian proiektuaren antolamendu orokorra ikus daiteke. plazari ematen dizkiogun bi fatxadak, magalaren mailakatzea, baserrien eta eraikinaren arteko erlazioa, urbanitatearen eta landaren arteko zubia, abeltzantza pabilioiak,...
Irudian ikusten den moduan, eraikin existente eta berri guztiak, maila ezberdinetara komunikatuak daude, honela, auzo guztiak baserri bakarra bat bezala funtzionatzea ahalbidetuz. Nukleo konpakto honen sorrerak emango dio Almikeri benetako izaera eta identitatea. Gainera, auzoan proposatu dugun, sistema sozio-ekonomiko komun eta alternatibo honek ere, etorkizunera begira, gaur egun ez denaren baina izango denaren ideia ematen du.
Oinean argi ikusten da, hegoaldeko mahastien eta plazaren arteko zubi lana egiten duen eraikinaren ideia. landalurrak plazara sartzen dira eraikinaren azpitik, eta eraikinaren bidez plazak mahastien gainetik hegan egiten du. URBANITATEAREN ETA NEKAZAL MUNDUAREN FUSIOA.
Ebaketan, hegoaldeko eraikin honek, plazatik landalurretara dagoen hiru metro inguruko desnibela bere baitan hartu eta etxebizitzak maila bitan antolatzen ditu, honela eraikina orubera guztiz moldatuz, alderantziz beharrean. Portiko prefabrikatuen bidez, eraikuntza era azkar eta eraginkorrean egitea lor daiteke, energia gastu minimoarekin.
Behin-behineko etxebizitza eraikinaren eta abeltzantzareko pabilioien artean, plaza dagoenez, plaza honi gaur egun existitzen ez diren fatxada bi ematen dizkiogu, honela plaza indartuz eta nukleo garrantzitsu bihurtuz. Gainera, abeltzantza pabilioietara sarrera moduan, eta hauen bi solairuak lotuz, pasarela bat sortzen dugu, honela, portiko gune estali bat sortuz, eguneroko azoka, truke, biltegi,... bezala lan egingo duena. Honez gain, portiko honek, asteburuetan egingo den azoka handian handitzeko aukera izango du, toldo sistema baten bidez, honela euriari eta bero handiegiari aurre eginez.
Irudietan, behin-behineko etxebizitzen, udaleku eraikinaren eta kultur gunearen iparraldeko fatxadak. ikusten den moduan plazara irekitzen den eraikina da, bertara sartzera deitzen duen eraikina.
Ebaketa honetan garbi ikusten da erabilera ezberdinen antolamendua. Gainera portikoen bermea ziurtatzeko erabiltzen den zapata sinple bidezko zimentazioa.
Fatxada honetan, mahastietako platformak sortzeko erabili den zurezko azalaren eta eraikinaren beheko fatxadaren mimetizazioa ikusten da, eraikina lur honetara errotuta dagoen elementu bezala ulerteraziz. Gainera, eguzkitzapena kontrolatu ahal izateko fatxada sistema ezberdinak landu dira: abaniko bidezkoa, balkoien erlaitzen bidez erregulatutakoa, hiru posiziotan jar daitezken lehiateen bidez erregulatutakoa,... Erregulazio hauen eta bentilazio gurutzatuaren bidez, tenperatura erregulazio naturala bermatzen dugu, eraikina ahalik eta pasiboena izan dadin.
Eraikuntza sistemari dagokionez, azalpen nahiko erraza duen sistema erabili da. egitura lana, Murueta edo bermeoko ontzioletan eraikitako eta kamioi bidez garraiatutako 15 metroko portiko bidez egiten da, beraien zimenduen gainean kokatuak izan direnak. Eta itxiturarako, inguruko basoetatik ateratako Pinus radiata zurez eginiko fatxada panel aurrekoitziak erabili dira. Panel hauek %100ean daude zurez eginak, baita isolamendua ere, zein sistema berritzaile baten bidez zur zuntzez egiten den. ondorengo irudian argi ikusten da eraikuntza sistema honen funtsa:
Aipatzekoa panel guzti hauek Ereño inguruan kokatzen den EGOIN enpresan eraikitzen dituztela, beraz kasu honetan ere zuhaitzen ebaketa eta panelen sorreran energia gastu minimoa emango da.
Eraikuntza sistema bera erabili baina zurezko panel prefabrikatuak beharrean polikarbonatozko xaflak erabilita, Txakolindegia eta abeltzantzarako pabilioiak sortu ditugu. Abereen pabilioek, altura bikoitza daukate, eta bigarren solairuko fatxadak irekiak izango dira, neguan abereek jateko pilatzen diren lasto fardoez itxiko direlarik. Fardo hauek neguan oso isolatzaile onak dira, eta udara hurbildu bitartean abereek lasto guztia jan ahala, fatxada txikituz eta bentilazioa handituz joango da, udan fatxada irekia izango delarik.
txakolindegiaren kasua bestelakoa da. Honek lur azpian solairu bat egitera behartu gaitu, tenperatura eta hezetasuna mantendu ahal izateko...
Ondorengo panelean, landutako oin planta eta tipologia guztiak aurkituko dituzue:
Tipologia hauez gain, behin betiko etxebizitzen tipologiak lantzeko esperantza genuen arren, denbora falta dela eta ezin izan genuen tipologia hauetan sakondu. Nahiz eta sakondu ez genuen arren ideia batzuk oso garbi genituen hasiera hasieratik. Lehenengo eta behin, baserri hauek herrietan etxebizitza blokeek funtzionatzen duten bezala funtzionatuko zutela pentsatu genuen, baserrien komunikazio bertikala kanpora ateraz eta planta libreak sortuz. planta libre hauetan tamainaren arabera etxebizitza kopuru jakin bat atera eta korridoreen bidez komunikazioak egingo genituen, honela bizilagunen arteko harremana indartuz, apropiazio espazioak sortuz, korridore hutsak beharrean gune ireki aprobetxagarriak sortuz. Hona hemen buruan geneukan irudiaren erakusle den panela:
Besterik gabe, proiektu guztietan egin ohi dugun moduan, guk, proiaktuarekin transmititu nahi ditugun sentsazioak zuengana helarazteko irudi batzuk:
Plaza eta kultur gunearen ingurua. Ermita fondoan.
Kultur gunearen estalkia, estalki pabilioaren barnekaldea, baserriaren jarraipena. behekaldean, umeen hezkuntzarako ortuak...
Irudi honetan, behin behineko etxebizitzak lotzen dituen pasarela publikoa ikus daiteke, landa lurren eta plazaren arteko gunea, zubia.
Irudi honetan, plazara sarrera ikus daiteke, udaleku eraikinaren hegaldura eta eraikinak begetazioarekin duen harremana.
Honela, proiektuaren laburpen panelarekin bukatuko dugu. Ondorengo egunen baten kurtsoaren balorazio bat egiteko asmoa daukagu, kurtsoa hasi zenean idatzitako helburuetara heldu garen,...
No hay comentarios:
Publicar un comentario